Zu hemen zaude:   Hasiera Berriak Turismo eskaintza berri batek Guardia eta Artziniega lotzen ditu Arabako hiribildu harresituetan zehar

Turismo eskaintza berri batek Guardiara eta Artziniegara bidaiatzeko proposamena egiten du lurralde historikoa zeharkatzen duten hiru ibilbidetan zehar, hiribildu harresituak eta Erdi Aroarekin zerikusia duten beste leku batzuk bisitatuz. Proiektu honen asmoa da Arabako Errioxa eta Aiara arteko bisitari fluxua areagotzea, eta bisitari gehiago eta egonaldi luzeagoak sustatzeko asmoa duen estrategia batean barnean doa.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak gaur aurkeztu du proiektua, Gasteizko Santa Maria Katedralaren atarian Guardiako eta Artziniegako alkateekin eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko  eta Txakolinaren ibilbideko ordezkariekin batera egindako ekitaldi batean. Han izan dira ibilbide horietako udal eta kontzejuetako kideak ere. 

Guardia eta Artziniega dira Arabako Lurralde Historikoan iparraldeko eta hegoaldeko mugetako azken herriak, hurrenez hurren.  Ehun kilometro baino gehixeago dago bien artean, baina, jakina, hainbat kultur eta historia elementu dauzkate berdinak: ondo kontserbatutako Erdi Aroko herriguneak, defentsa dorre eta harresiak, jauregiak eta kalitate handiko ardoak ematen dituzten mahastiak.
  
Gonzalezek azaldu du proiektu horren asmoa dela bi hiribilduen erakargarriak aprobetxatzea Arabako Errioxa eta Aiara arteko bisitarien trukea sustatzeko eta, aldi berean, beste hiribildu harresidun batzuk eta Erdi Aroarekin zerikusia duten beste baliabide ibilbidean zehar barreiatu batzuk ezagutaraztea. “Azken helburua da bisitariari ideiak eta planak eskaintzea Araban zenbait egun eman ditzan turismoaz eta aisialdiaz gozatzen”, adierazi du.

Turismo bulegoak, internet eta sare sozialak

Turismo eskaintza honen elementu nagusia da argibide orri berri bat ematea argitara Artziniega eta Guardia lotzen dituzten hiru ibilbide proposatzen dituena eta Erdi Aroko ondare aberats bat izateagatik nabarmentzen diren hiribilduak ezagutzera ematen dituena, hala nola Gatzaga Buradon, Labraza, Antoñana eta Urizaharra. Materiala turismo bulegoetan banatuko da, eta interneten eta sare sozialetan ere edukiko du bere lekua.

Hiru ibilbide horietan sartzen da orobat Gasteiz, Arabako hiriburu eta kultur bizitzaren zentroa, eta bere Erdi Aroko Almendra, bai eta Erdi Aroarekin lotura duten beste baliabide interesgarri batzuk ere, hala nola Alaitzako eta Gazeoko elizetako horma margolan gotikoak, Lañoko multzo arkeologikoa eta Trebiñuko Konderriko eliza erromanikoak, Añanako Gatz Harana eta Santa Kataliko Lorategi Botanikoa.

Arbako Erdi Aroko Ibilbideak. Mahasti eta harresi artean liburuxkak jakitera ematen dizkio bisitariari hiri eta herri bakoitzaren historia, defentsa harresi, tenplu eta eraikin zibil nabarmenen jatorria eta ezaugarriak; halaber, haien bisita programak ematen dizkie ezagutzera, eta inguruan ikustea eta ezagutzea merezi duten turismo baliabideak nabarmentzen ditu, hala nola natura parkeak, aztarnategi arkeologikoak, golf zelaiak, ibilbide berdeak, museoak eta abar.

Aiara eta Arabako Errioxa, gainera, ardoen jatorri deituraren lurralde eta egoitza dira (Errioxa eta Arabako Txakolina JD), eta enoturismoko eskaintza ere proiektuaren barruan dago. Hiru ibilbide horiek aukera ematen dute zazpi herri eta hiri harresituen arte eta historia ondarea ezagutzeko, baina baita ardoaren kulturan sakontzeko ere, edo oinez edo bizikletaz bidezidor seinaleztatuetan zehar ibiltzeko mahatsondoen artean, edo antzinako upategi ehunka urtekoak edo aitzindari eta berri berriak bisitatzeko.

Artziniega eta Guardiako udalen eta Aiarako eta Arabako Errioxako kuadrillen arteko turismo arloko elkarlan programa batek indartu egiten du aipatu dugun materiala argitaratzeko abagunea. Programa honen lehenbiziko kapitulua maiatzaren 8an abiatuko da, Guardiako dultzaineroen egunaren ospakizuna dela-eta: bestalde, Aiarako Kuadrillan, Artziniegako Udalak hiri horretako antzinako lanbide baten erakusketa antolatu du.

Elkar truke horrek lau hilabete barru izango du bere ordaina, irailaren 17an, Artziniegako Erdi Aroko Feriaren kariaz. Guardiak, orduan, dultzaineroak eramango ditu, eta kalejiran ibiliko dira Aiarako hiriko kaleetan zehar, eta mahats zanpatze usadiozkoaren erakustaldia eskainiko du. Gainera, Artziniegako turismo bulegoak espazio iraunkor bat gordeko du Guardiaren eta Arabako Errioxaren gaineko turismo informazioaren zabalkundea egiteko, eta beste horrenbeste Guardiako turismo bulegoak, Aiarako Kuadrillaren eta Artziniegaren turismo informazioa ezagutzera emateko.
 


www.onoff.es