Artziniega

Artziniega eskualdearen ipar-mendebaldean dago kokatuta. 28 km2 baino apur bat gehiagoko azalerarekin Aiarako Koadrilako udalerririk txikiena da. Artziniega ibaiak bustita, 600 m.tik gorako mendiek inguratzen dute (Peñalba, Pando, Zaballa eta Idubaltzak).

7 biztanle-gunek osatzen dute, nagusia Artziniega hiribildua bera izanda, udalerriko biztanleriaren (1.400 biztanle) % 85 bertan bizi baita. Gune honek udalerriko oinarrizko zerbitzuak biltzen ditu (udaletxea, jatetxeak, ostatuak, museoa, medikuaren kontsultategia, ikastetxea eta abar). Udaran sasoiko bisitari askoren helmuga da, eta hori dela-eta hiribilduko biztanleria hirukoiztu egiten da.

Ezbairik gabe, udalerri honetako erakargarri nagusietariko bat Artziniega hiribildua bera da. 1272an Alfontso X.a Jakitunak sortuta, eta antzina harresiz inguratuta, Erdi Aroko kokapen bera du oraindik, bertako Alde Zaharrak ondo erakusten duen bezala, muino batean kokatutako kale paraleloen diseinu bereizgarriaz: Goikoa, Erdikoa eta Behekoa, euren artean kantoi bidez komunikatuta.

Erdi Aroko bilbearen kontserbazioak eta ondareari dagozkion osagaien kalitateak azaltzen dute Eusko Jaurlaritzak  1995ean Monumentu Multzo Historiko-Artistiko izendatu izana.

Bertako landa-inguruneak panoramika paregabeak eta ingurune natural aparta gozatzeko aukera eskaintzen du; aldi berean, bertako herriek Dorretxeak eta balio handiko landa-arkitektura dituzte oraindik.

Bertako gastronomiak, hala nola artisau produktuek nortasun propioa dute. Hestebeteak, gaztak, arkumea, sagardoa, txakolina,… puntako sukaldaritzaren baitako produktuak dira.

Leku interesgarriak

Alde Zaharra

Hiribilduak merkataritzaren ikuspuntutik Erdi Aroan zuen garrantziak bertan ezartzera eraman zituen leinu nobleak. Horren lekuko leinu horien 46 ezkutuak, hala nola hiribilduko etxeak, bizitegi-dorretxeak, jauregiak eta eraikin publikoak dira. Eraikuntzari dagokion ondareak estilo eta jarduera ugari biltzen ditu, estilo gotiko-errenazentistatik neoklasizismora, eta XVI. mendetik XX.era.

1. Belaskoko Ortiz de Molinillotarren Dorrea, XVI. mende bukaerako jauregia, atetzar errenazentistarekin eta atxikitako jauregi barrokoarekin.

Artziniegako Alde Zaharraren mendebaldean eta Goiko plazako aldapan kokatuta, hiribilduko eraikin esanguratsuenetariko bat da. 1593an eraiki zen Erdi Aroko antzinako beste dorre baten hondarren gainean, Aiarako Kondeena zen, hortik datorkio hasierako “Aiara Dorrea” izena. Jauregi bati atxikitako dorre eredu hau oso bereizgarria da lurralde arabarraren barruan, “Sinbolo dorrea” delakoaren adibide garbia. Izaera sinbolikoak, gainera, ezkutu ugari agertzea eragiten du, noblezia eta boterearen ikur. 1994an birgaitu arte, eraikin hau beti erabili zen familia bizitegi dotore gisa. Data horretatik aurrera, ordea, hotel eta jatetxe bihurtu zen.

2. Goiko Plaza eta Udaletxe Zaharra, XIX. mendea.

Harresiz kanpo kokatuta legoke, Erdi Aroko bilbeaz kanpora, eta hiriak XIX. mendean zehar, etengabeko gerra eta gatazken ondoriozko krisi garai baten ostean, konkistatu zuen eremuan hainbat berreraikuntzari ekin zitzaienean. Arkupeak eta forma biribila ditu, Gaztelako plaza handien ereduari jarraiki, estilo hori Kantauri Itsasoko ertzetik XVIII. mendetik aurrera hedatzen hasi baitzen.

Udaletxea XIX. mendeko eraikina da eta hiribilduko kartzela izan zen. Egun, informazio eta turismo-bulegoa du etxabeetan.

3. Moja Agustindarren Komentua, hainbat garaitako erantsien batuketa  (XVI, XVII, XVIII).

Multzo honetan Goiko plazari begira dagoen Dorretxea eta Komentuaren sortzaileek 1586an eskuraturiko beste bi etxe nabarmentzen.

Leihoetariko batean dorrearen antzinako ezkutua dago. Elizako atearen albo bietan (XVI. mendeko ale ederra) fundatzaileen  armak erakusten dituzten ezkutuak daude. Ate gainean Birjina Umea eusten eta hiru aingeruren erliebea zegoen.

4. Jasokundeko Andra Mariren Parrokia, estilo gotiko-errenazentistakoa, XVII. mendeko atetzar klasizistarekin eta atxikitako lehen udaletxearekin.

Fatxada nagusiak arkupea eta eraikin txiki bat du. Artziniegako lehen Udaletxea da, 1642an eraikia. Eliza gurutze latino oineko eraikina da, XV. mende bukaeran eraikitzen hasia eta XVI. mende bukaeran bukatua, eta gurutzaduraren besoetako kapera 1887an gehitu zitzaion.

Erretaula nagusia XVII. mendeko multzo barrokoa da. Arkupearen eraikuntza 1646an bukatu zen. Erdiko arku gainean hiru ezkutu daude: pontifize bat erdian, errege armena ezkerrean eta Artziniegakoa eskuinean.

5. Valle Etxetzarra.

XVII. mendekoa eta estilo barrokokoa, ezkutu paregabea du oraindik fatxada nagusian.

6. Bengoa Dorrea, XVI. mende hasiera.

Erdiko Kalean dago. Fatxada nagusian Erdi Aroko dorreen hainbat osagai tipiko ditu.

7. Aranguren Jauregia.

XVIII. mendeko eraikin barrokoa, bi gorputz arkitektoniko ditu, eskualdeko “landa-jauregiak” deritzenen ereduari jarraiki.

8. Mora Jauregia.

Bizitegitarako multzoa, lorategi aparta, zerbitzari eta autoentzako etxearekin eta abarrekin. XIX. mende hasierako neoklasikoa, XX. mendean sakonki eraberrituta. Neurri handiko jauregitxo kubikoa da, XIX. mendeko tipikoa.

9. Armarridun Jauregiak, XVIII. mendea.
10. Udaletxe berria eta frontoia.

XIX. mendeko eta estilo eklektikoko eraikina. Frontoian kasino zaharra, hala nola merkatua eta kuartela egon.

11. La Fragua, Artziniegako sutegi zaharrenetariko bat.

 

Arteko Andra Mariaren santutegia

Hiribilduko Alde Zaharretik hurbil Santutegi dotore hau aurki daiteke.

Kondairak santutegiaren sorkuntza neskato artzain bati birjina arte baten tartean agertu izanarekin lotzen du. Berriki buruturiko ikerketen arabera, leku hau bazegoen okupatuta garai erromatarrean eta ondoren kristautu egin zen elkarren segidako bi elizaren agerpenarekin, aurre-erromanikoa eta erromanikoa, hurrenez hurren.

Gero eta garrantzi handiagoa hartuz zihoanez, anbizio handiagoko proiektu bat egin eta oin berriko eraikinari ekin zitzaion XV. eta XVI. mendeen artean, estilo gotiko errenazentista osatu arte; inskripzio batek eliza 1498an egin zelako fede ematen du.

Santutegi honek hargintzazko arkupe bikaina dauka, aurrealdeko harrizko lau arkurekin eta alboko batekin.

Barnean “Erretaula Nagusia” nabarmentzen da, XVI. mende hasierakoa eta estilo hispano-flamenkoa duena, monumentu historiko-artistikoa izendatua, baita Tenplete santutegia ere, estilo eta kronologia berekoa. Birjinaren irudi bat du, XIV. mendeko zurezko eskultura bikaina, ikaragarrienetariko bat eta altzari liturgikoko egitura oso baten lehen adierazpenetariko bat delarik.

1641ean zendu zen Cristobal Camara Murga Apezpikuaren hilobi bat ere badago.

Elizaren iparraldean ehun urtetik gorako arte bat dago, “Babes Bereziko Zuhaitz Paregabea” izendatua; eta, arbolatik hurbil, Ordunateko Batzordeari monumentua (bertako Mendi Erkidegoa). Parean, Artea Zelaia dago, egun Arabako Aldundiak aisialdirako gune bihurtu duena.

 

Kultura eta aisialdia

Museo etnografikoa

3.700 m2-tan barrena, udalerriko eta eskualde osoko biztanleen bizimodua, baserrietakoa zein hiriguneetakoa erreproduzitzen duen erakusketa aparta eskaintzen du. Birgaituriko eraikin historiko batean kokatuta dago, Arteko Aldapa kalean.

www.artziniegamuseoa.org

Santxotena Tailer-Museoa

Tailer-museo bat ikuslearen eta artistaren zuzeneko harremana da, bisita didaktikoa obraren sorrerara, tamaina eta formaren laborategitik abstrakzio sinbolikoraino.

www.santxotena.org

Eliz Museoa

Arteko santutegian kokaturik, bere barnean eliz balio handiko obrak ditu, zutargiak,antzinako erlojuaren makinaria, arrosarioak, kuadroak. 

Tel.: 945 39 60 66

 

Landa-ingurunea

Artziniegak nortasun eta edertasun handiko paisaiak ditu. Badaude euren landa-izaera ukitu barik duten gune txikietara hurbiltzeko aukera ematen duten pasiera erosoak, esaterako, Campijo, Gordeliz, Mendieta, Retes Tudela, Santa Coloma eta Sojoguti. Horien hiriguneetan Dorretxe eder ugari daude, Erdi Aroko leinuen arteko gatazken lekuko, eta era berean, fatxadak apaintzen dituzten horien fundatzaile nobleen ezkutu heraldikoak ikus daitezke: Mendietatarrak, Salazartarrak, Belaskotarrak… Eta landa-arkitekturako hainbat adibide, Sojoko Errota, kasu.

Artea aisialdi-gunea ingurune paregabean dago kokatuta, hiribilduko erdigunetik kilometro eskasera, izen bera duen Santutegi ikaragarriaren ondoan; jolasteko eremu bat du txikienentzat eta baita atseden hartzeko beste bat ere.

www.artziniegakoudala.com