Aiara

Aiara, Aiaratarren leinuaren sorterria, Amurrio eta Artziniega artean dago kokatuta eta eskualde guztiko zabalena da. Habitata erabat barreiatua da eta hogeita bost gune txikik osatzen dute (Agiñaga, Añes, Beotegi, Kostera, Etxegoien, Erbi, Izoria, Lexartzu, Luxo, Luiaondo, Llanteno, Madaria, Maroño, Menagarai, Menoio, Murga, Ozeka, Olabezar, Kexaa, Retes Llanteno, Salmanton, Soxo, Zuhatza eta Arespalditza —Udalaren egoitza), guztien artean 2.564 biztanle batuta.

Aiarako udala, bere hogeita bost herriekin, egun den moduan Arabako Aldundiaren ebazpen bidez osatu zen 1842ko azaroan eta 1843ko urtarrilaren 2an berrestu zen.

Lurraldea Amurrio eta Artziniega ekialdetik mendebalderako lotzen dituen A-624 errepideak zeharkatuta dago. Honela, bide honekiko paralelo, haran erako korridore zabal bat hedatzen da, alboetan ikuspegi ederrak eskaintzen dituzten mendi-muinoek itxita (Babio, 582 m; Eskoritas, 639 m; Peregaña, 625 m hegoaldean; eta Idubaltza, 691 m eta Pagonabarra/Panabarra 604 m iparraldean). Bertatik, hegoaldetik iparralderako norabidean, Izoria, Izalde eta Ibaltzibar ibaien arroak igarotzen dira, Salbada Mendilerroko (Gorobeleko) gailurretatik jaitsita Nerbioi Ibaian (Izoria) eta Kadaguan (Izalde eta Ibaizabal) itsasoratzeko.

Aiara osatzen duten guneei dagokienez, esan beharra dago Arespalditzan Udaletxea eta inguruko oinarrizko hainbat zerbitzu daudela (tabernak, jatetxeak, kontsultategia…). Era berean, Luiaondo da gunerik handiena, ia 700 biztanle eta oinarrizko hainbat zerbitzu (merkataritza, sukaldaritza, ostatua…) izanda; gainerako herriak nekazaritza guneak dira eta, batik bat, baserri sakabanatuek osatzen dituzte, bazkalekuek eta zuhaitz-unada txikiek banatuta, euskal-atlantiar paisaiaren landa irudi klasikoa eskainita. Baserri hauetariko asko benetako bitxi arkitektonikoak dira eta aparteko balio etnografikoa eskaintzen dute.

Udalerriko ikonorik esanguratsuena, ezbairik gabe, lurralde osoan zehar banaturiko Dorretxeak dira. Zuhatzak, Murgak, Olabezarrek, Luiaondok, Agiñagak, Añesek... defentsa eta bizitegi eraikuntza mota honen adibide bikainak dituzte.

Horietako bat oso bereziki nabarmentzen da, Kexaan dagoen Aiaratarren Oinetxea, hain zuzen. Eskualde osoaren historia hertsiki lotzen zaio leinu horri eta, ezin zitekeenez bestela izan, haren sorlekuan Monumentu Multzo ikusgarria altxatzen da, egun haran osoko osagai esanguratsuenetariko bat bihurtuta.

Bazenekien…?

Aiara hitzak euskal sustraiak ditu, bertako ia toponimia guztiak bezalaxe; hala ere, historialariak ez dira ados jartzen esanahiari buruz, eta batzuentzat “gainbehera” den bitartean, beste batzuentzat “isurialdea” da, beste batzuek, berriz, “bazkaleku” itzultzen dute.

Leku interesgarriak

Kexaako Monumentu Multzoa

1984an Euskadiko Monumentu Nazional katalogatuta, oraindik duen Erdi Aroko izaera sendoak nabarmentzen du.

Kexaako Monumentu Multzoa Adatsaren Ama Birjinaren Dorre-kaperak, San Joan Bataiatzailea elizak eta Aiaratarren Jauregi Gotortuak osatzen dute, azken hau Fernan Perez Aialak eraiki zuen XIV. mendean eta egun Arte Sakratuko Museoa dago bertan.

Aipatu museoak Aiaratar Jauntxoen eta Moja Domingotarren historia erakusten du, besteak beste, irudi, koadro, apaingarri eta urregintzako osagai garrantzitsuak, baita komentuan 600 urtez baino gehiagoz gordetako hainbat artelan ere.

Adatsaren Ama Birjinaren Dorre-kapera beheko solairuan aipatu kapera daukan dorre sendoa da. Pedro Lopez Aiala Kantzilerraren eta haren emazte Leonor Guzmanen aginduz eraikita, haien hilobiak bertan daude euren irudiak etzanda dituztela, harzuriz eginak, kapera erdian eta XIV. mendeko erretaula gotiko bat buru (1913an saldutako jatorrizkoaren kopia, hura Chicagoko “Art Institute” Arte Museoan dagoelako). Alboetan arku zorrotzeko bi sarkofago daude, Fernan Perez eta Elvira Ceballos Kantzilerraren gurasoen irudi etzanekin.

San Joan Bataiatzaile eliza (1378) XVI. mende hasierakoa da. Kexaako Parrokia eta Komentuko eliza, erretaula barroko ikaragarria dauka, salomondar zutabeekin eta santuen erliebeekin. Korupean, bi horma-hilobitan, Fernan Perez eta Maria Sarmiento Kantzilerraren semearen eta errainaren hilobi-estatuak daude.

Moja Domingotarren Komentua XIV. mendekoa da eta bi solairu dituen klaustro karratu baten inguruan banatzen da. Egun klausurako mojak bizi dira bertan.

Dorretxeak

Eskualde osoan 50 dorretxe baino gehiago daude, eta horietariko asko Aiaran daude kokatuta.

Defentsa eta bizitegitarako pentsatuak, egun galdu egin dute lehen funtzio hori eta erabilerak askotarikoak dira: bizitegiak, erakusketak, zerbitzuen kokagunea… Horregatik, eraikin hauetariko batzuk zaharberritu egin dira, baina era berean badira erabilera definiturik ez eta denboraren narriadura jasaten ari direnak. Besteak beste, honakoak nabarmen daitezke:

Zubietako Dorrea (Llanteno)

Ibaizabal ibaiaren gainean altxatzen da, zubiaren igarobidea zelatatuta. 4 solairu ditu eta egun erortzeko zorian dagoen eraikin bat du atxikita. XVII. mendean eraberritu zen, ondorioz, neurri batean desitxuratu egin zuten jatorrizko eraikuntza. Fatxadan Murga-Salazartarren ezkutu nobleak daude.

Uretako Dorrea (Llanteno)

Herrerias eta Ibaizabal ibaien artean dago, igarobide-bidegurutzea zelatatzen. Egun baserri bihurtuta, zeharka hamaika metroko oinplano karratuko dorre bat, bi solairu eta lau isurkiko teilatua ditu. XV. mendekoa da.

Murgako Dorrea (Murga)

XIII. mende bukaeran eraikia, 1984an izendatu zuten Monumentu Historiko-artistikoa. XVI. mendean jauregi bat atxiki zitzaion dorre horri eta ziurrenik orduan galdu zituen defentsarako osagaiak. Dorrea harri-hormaz eta harlanduz egina dago, azken solairua eta ganbara adreiluzkoak badira ere. Jauregian material berak erabili ziren, goialdeko adreilua barne. Fatxada nagusiko behe solairuko eta ezkerraldeko arku multzoa nabarmentzen da. Hiru ezkutu ditu, baina egikeragatik eta neurriagatik fatxadakoa gailentzen da.

Negortako Dorrea (Zuhatza)

Hau Aiarako dorretxeen adibide bat da. Oinplano karratua du, bi solairu eta harrizko ukondoetan eskoratutako egurrezko hegal bat. XV. mende bukaera edo XVI.aren hasierako eraikuntza da eta 1996an eraberritu zen.

Txabarri Dorrea (Arespalditza)

Txabarri Dorrea Atxatarren Oinetxean dago eta XV. mendean eraiki zen; hainbat aldiz berreraiki eta 1865ean dezente eraberritu zen, garai hartan Erdi Aroarekiko zeuden gustuen arabera. Gotorleku itxura emateko gehituriko zenbait osagai ditu. Oinplano karratua du, eta leihoetako adreiluzko berritxitura erantsiek eta adreiluzko mentsulak dauzkan hegalak arreta gehien ematen dute, ziurrenik jatorrian izango zuena gogorarazteko. Mendebaldean, zulo baten aztarnak daude oraindik.

Eskualdeak, gainera, baditu berriagoak diren hainbat eraikuntza, diseinu neoklasikoa dutenak, eta honakoak nabarmen daitezke: Arana-Andraka Jauregia (Luiaondo), Urkixo Jauregia (Zuhatza), Aiarako Udaletxea (Arespalditza), Atxa Jauregia (Arespalditza), Aretxa Jauregia (Menagarai) eta Zerrajeria Jauregia.

Arkitektura erlijiosoa

Aiarako gune gehienetan oraindik diraute bertako eliza edo baselizek. Horietako batzuk bereziki garrantzitsuak dira, euren balio artistikoaren ondorioz:

San Bizente Eliza (Añes)

1128an izan zen sagaratua eta XIII. mendean eraberritua, Erdi Aroko eraikuntza desitxuratuz. Oinplano karratukoa da eta XII. mendeko portada erromaniko interesgarria dauka, eraikuntza prerromanikoko pareten artean sartuta.

Jasokundeko Andra Mari Parrokia (Arespalditza)

1095ean dokumentatua, XIII. mendeko portada erromanikoak eta, eskuinaldean, inskripzio bat eta 1167ko data dituen apaiz baten irudia erakusten duen hilarriak nabarmentzen dute. Erretaula barrokoa da, XVII. mendekoa. XII. mendeko lehen Aiaratarren Erdi Aroko harrizko hilobiak ditu: On Bela Konde Santuarena eta haren seme Bela Belaskezena. Era berean, XVII. mendeko Pietatearen irudia ere nabarmentzen da alboko kapera batean.

Etxaurreneko Andra Mari Santutegia (Menoio)

XVIII. mendean eraiki zen, egurrezko teilatua eta kanpai-hormako kanpandorrea dauzkan elizate luzea du, eta barruan erretaula barrokoa. Muino batean kokatuta, santutegi honetatik Gorobeleko (Salbada Mendilerroa) ikuspegi ederra ikus dezakegu.

Toki Administrazioaren Osagai Sinbolikoak

Zaraobeko Landa (Olabezar)

Aiarako lurraldeak antzina-antzinatik izan zituen bertako foru, usu eta ohiturak, inguruko eskualdeek ez zituztenak, horiek ez zuten Araba edota Bizkai Probintzietako erregimen administratiboarekin zerikusirik. Zergarik ez ordaintzeko pribilegioa izan zuen 1700. urtean Borboi Etxea heldu zen arte. Erregimen administratibo eta politiko bitxia izan zuen eta agintariak Zaraoben hautatzen ziren, sistema honek 1842 urtera arte iraun zuen.

Hemen biltzen ziren agintariak eta Aiarako herritarrak Aiara Etxeko Jauntxoekin eta euren ordezkariekin, Aiara Probintziako Alkate Nagusiekin (gobernariekin). Kofradiako Jauntxoak bost alkateak izendatzen zituen aipatu landan, eta horiek ezin zuten lursail edo landen inguruko epairik eman, ezta bestelako “laidotutako epairik” ere, Zaraoben izan ezik.

Eremu horretan onartu zen Aiarako XIV. Forua. Muino batean dago kokatuta eta almenadun pareta batez inguratuta, bertan harrizko mahai bat eta hainbat banku daude, Euskal Herriko lekurik gurtuenetariko baten testigantza biziak.

Zuhaitz Malatoaren Monumentua (Luiaondo)

Harrizko gurutze bat da, leku horretaraino zaldunek, ezkutariek eta kapareek Bizkaiko Jauntxoari laguntzen zioten, inolako soldatarik jaso barik. Oinarrian inskripzio hau irakur daiteke: Hemen zegoen istorioek eta Bizkaiko Jaurerri Txit Noble eta Leialeko Foruaren lehen atalburuko bosgarren legeak aipatzen zuten Zuhaitz Malato gurtua. 1730.

Bizitegitarako landa-arkitektura zibila: baserriak

Udalerri osoak baserri multzo paregabea eskaintzen du, euskal-atlantiar landa-arkitekturaren prototipoa. Eskualde guztiko ia 250 baserri Euskal Autonomi Erkidegoaren Ondasun Higiezinen Katalogoan jasota daude, eta horietako asko Aiaran daude.

Tamaina handiko ale ederrak; arkitektura aldetik duten interesaz harago, benetako altxor etnografikoak dira, elkarturiko hainbat osagaietatik ondoriozta daitekeen bezala (labea, siloa, baratzeak, zuhaiztiak, ukuiluak, txabola eta abar).

Izoria, Murga, Olabezar edo Maroño bezalako hainbat gune nabarmentzen dira.

www.aiarakoudala.com