Laudio/Llodio

Laudio eskualdeko Iparraldean dagoen udalerria da eta, azalerari dagokionez, txikienetarikoa (37,6 Km2). Hala ere, haraneko udalerririk jendetsuena da alde handiarekin, 20.000 biztanle inguru baitu. Izan ere, garrantzi demografikoari dagokionez, Arabako bigarren herria da, Gasteiz hiriburuaren ostean.

Industria eta zerbitzu izaera nabarmena duen hiri txikia da. Horregatik komunikazio ezin hobeak ditu inguruko hiri nagusiekin Bilbo-Zaragoza autopistaren bidez (A-68), Bilbotik 20 kilometrora eta Gasteiztik 47ra egonda, eta Bilbo-Miranda trenbideak zeharkatuta.

Nerbioi ibaia herri honen “bizkarrezurra” da, hiri-egitura osoa zeharkatu eta oso haran itxia irudikatzen baitu inguruan gailur garrantzitsuak dituela (Elorritxugana, 718 m; Pagolar, 721 m; Goikogane, 698 m), eta euskal mendizaletasunean mendi entzutetsuenetariko baten hurbiltasuna nabarmentzen da (Ganekogorta, 998 m).

Laudio zerbitzu eta hornidura zentro txikia da, eskualde osoarentzat erreferentzia merkataritzari, kulturari, aisialdiari eta abarrei dagokienez. Jatetxe, denda, taberna eta ostatu aukera zabala du. Ildo horretatik, naturaz eta mendiz inguraturiko ingurunean badago ere, hiri bateko erosotasun guztiak dauzka.

Bertako jende atseginaren artean ibilita, haran honek antzina zuen baserriko bizimodu lasaiaren lekukoak aurkituko ditugu. Bizkaiko Jaurerrikoa izan zen, Arabari 1491n behin betiko atxiki zitzaion arte. Konifero-baso eta bazkaleku zabalez beteriko landa-ingurunea, zazpi auzotan “taldekatzen” diren baserriekin: Erdigunea, Larrazabal-Landaluze, Areta, Lateorro, Larraño, Ugarte, Gardea (horietako batzuk erabat integratuta daude hirigunean).

Gizartea

Arestian esan bezala, Laudio Arabako bigarren herria da biztanle kopuruari dagokionez. XX. mendearen bigarren erdian sorturiko garapen industrialak biztanleriaren hazkunde azkarra eragin zuen, eta nekazaritzan eta baserrian oinarrituriko herria eskualdeko industria eta merkataritza gune bihurtu zen.

Udalerrian egondako bilakaera handiaren ondorioz, beste erkidego batzuetatik etorritako langile ugari herrian jarri ziren bizitzen, batik bat Galizia, Andaluzia eta Gaztela-Leongoak, 1830ean zeuden 400 baserrietatik Laudiok egun dituen ia 7.000 etxebizitzetara igarota.

Ekonomia

XX. mendearen aurretik Laudio ez zen bere merkataritza eta industriagatik nabarmendu, beti izan baitzuen adierazgarri nekazaritza hutsezko izaera.

Industria agertzearekin batera desagertuz joan ziren barazkien, zerealen eta abarren laborantzak, eta haritz eta gaztainondo basogintzako ekoizpena pinu-birlandaketa zabalek ordezkatu zuten.

Labore-errotak eta teila eta adreilu fabrikazioa izan ziren garapen industrialari bide eman zioten lehen industriak. Baina 1900 urtean hasi zen industria eta merkataritzaren loraketa, hainbat enpresa handi irekita, besteak beste, Vidrieras de Llodio, S.A.

Industria handi hauen babespean beste asko sortu ziren, ekoizpenari dagokionez garrantzi gehiago edo gutxiago izango zutenak, baita denda ugari ere, herri nekazari hutsa zena erabat industrializaturiko gune bihurtuta.

Kultura eta aisialdia

Laudion nabarmendu beharreko aspektuetariko bat urte guztian zehar duen kultur eskaintza zabala da: antzerkia, kontzertuak, literatura, erakusketak, hitzaldiak eta bertako kaleetan eta bereziki atonduriko esparruetan gozatu daitekeen jarduera kopuru polita.

Jarduera gehienak  Kultur Etxean garatzen dira. Leku honetan, Udalak zuzenean antolaturiko jarduerak ez ezik, udalerriko kultur talde ezberdinek antolaturikoak ere aurki daitezke, instalazio hauetako ateak irekita baitaude herriko kolektibo ezberdinek euren ekimenak garatu ahal izateko.

Leku interesgarriak

Monumentu ondarea

Eskualdearen gainerakoan bezala, Laudiok ere balio handiko eraikin-monumentuak ditu eta, era berean, dorretxe eta bizitegi-jauregi erako arkitekturan gauzatzen dira. Honako eraikin hauek nabarmendu daitezke:

Katuxa Jauregia

XVIII. mendearen bigarren erdian eraikita, 1779an sute batek suntsituriko dorretxe baten hondarren gainean. Pedro Antonio Ugartek agindu zuen eraikitzeko eta bertan harlanduzko fatxada nagusia nabarmentzen da, estilo barrokokoa eta puntu erdiko bi arkuko arkupearekin. Fatxadan Ugarte familiaren ezkutua ikus daiteke. Eusko Jaurlaritzak ondasun kultural izendatu zuen 2005ean.

Ugarte Dorretxea

Ugarte dorretxea, izen bereko auzoan, egun zutik dirauen dorretxe bakarra da Laudion egon ziren hamarren artean. XV. mendean eraiki zen defentsarako.

Harlangaitzezko eraikina du, ertzetan harlanduzko lanak ditu eta bi gorputz atxiki ditu, “Jauregia” izenarekin da ezaguna. Dorreak oinplano karratua eta lau solairu ditu, eta 12 metro baino gehiago ditu. Berari atxikita harlangaitzezko eta adreiluzko bi solairuko eraikin bat dago.

“Ozpina” Ugarte familia bandokide garrantzitsuaren etxea izan zen, etsaia zuen Anuntzibaitarrekin batera Laudioko boteretsuena.

Anuntzibai Jauregia eta Zubia

1941eko jauregia, egun jatetxe bihurtuta. Inguruetan zubi ospetsua dago, estilo errenazentistakoa; ibaiaren eskuinaldean zeuden markesaren dorretxea, burdinola eta errota ezkerraldeko San Migel baselizarekin lotzeko eraiki zen. 28 metro ditu luzeran eta 4,80 zabaleran. Gehienbat kareharrizko harlanduz dago eraikita. Zubiaren begi bakarrak 10,50 metroko garaiera du.

Kalbario batek azkendutako harlanduzko arku bat nabarmentzen da. Eskuinaldean animalia fantastikoek azkendutako bi podium irudikatzen ditu, ezkerraldean, aldiz, dagoeneko Araban, bi alboetan familiaren bi ezkutu dituen triunfo-arku bat du, frontoiak azkenduta. Aurrealdeak, era berean, kalbario bat du goian, eta Birjina eta San Joan muturretan.

Faltzeseko Markesak agindu zuen eraikitzea eta Martin Larrea Legerzama arkitektoaren obra da, 1741ekoa. Hamar urte lehenago, Antonio Vega Sarabia harginak zubiaren diseinuak egin zituen.

Bitorika Zubia

Izen bereko auzoan kokatuta zegoen antzinako burdinolaren ondoan, puntu erdiko begia du eta bertatik Nerbioi ibaia igarotzen da. Estilo barrokokoa da, nahiz eta betidanik uste izan zen jatorri erromatarra zuela, baina espezialista batzuek berrestu zuten zubia XVII. mendekoa zela, teoria zaharra deuseztatuta.

Baselizak eta elizak

San Pedro Lamuza eliza

XVIII. mendean bukatu zen eraikitzen, 1565ean hasi bazen ere. Uste da izen bereko eliza erromaniko zaharraren gainean eraikiko zela, eta XI. mendetik dago haren existentziaren berri. Era berean, goitik esekita eta 1894an jarrita, azarotik aurrera plaza gauez argitzen zuen antzinako bonbillatzarra nabarmentzen da, hilabete horretan ematen baitzen haraneko argiteria publikorako baimena. Berezitasun bat elizatea da, burdinaz egina dagoena.

Ermuko Andra Mariren Santutegia

Era herrikoian Santa Luzia izenarekin da ezaguna, santutegiari atxikitako baselizako santu titularrarekiko debozioa dela-eta. Hau XV. mendeko eraikuntza da, euskal estilo gotiko aurreratua eta erretaula nagusia platereskoa dituela, XVI. mendeko neurriekin. Oinplanoak nabe bakarra du eta abside oktogonala du goialdean. Elizatea eta erretaulako eskultura eta pinturak nabarmentzen dira.

Santa Ageda Baseliza

Goienuri auzoan XV. mende bukaerako edo XVI.aren hasierako baseliza hau aurkitzen da. Sarreraren ezkerraldean, kanpoan, hilarri zati bat dago horman sartuta eta egun Gasteizko Museo Arkeologikoan dagoen antzinako inskripzio bat jasotzen du.

San Bartolome, Santa Gurutzea edo San Migel Galmakakoa ermitak ere egun dirauen legatu erlijiosoaren baitan daude.

ONDARE NATURALA

Lamuza Parkea

8,5 hektarea baino gehiago dituen parke handia, bertako zuhaitzen aberastasunak eta aniztasunak nabarmenduta. Horien artean, besteak beste, zedroak, altzifreak, araukariak, ezkiak, magnoliak, izeiak, haginak edota sekuoiak azpimarra daitezke. Hori guztia Urkixo Markesaren finkako lorategiak ziren. Egun 79 zuhaitz espezie ezberdin daude, eta horien artean, Monterreyko altzifre bat, 130 urtekoa eta oinarrian 4 m-tik gorako perimetroa duena, Japoniako aranondo gorriak edo Libanoko zedroa nabarmentzen dira.

Jauregiak eta gainerako gelek Kultur Etxea eratzen dute. Kasinoaren eraikinak, urmaelak eta harlanduzko frontoiak osatzen dute multzoa.

Herriaren erdigunean kokatuta, lehengo jabeek hainbeste gustu eta ahaleginez diseinatua eta zaindua, bisitari guztientzat dago irekita, aparteko parke publiko bihurtuta.

Ermuko Andra Mari eta Santa Luzia zelaiak

Ermuko Andra Mari eta San Luzia zelaiak aparteko parajean daude kokatuta. Gainera, Ermuko zelaietara iritsi baino lehen, San Antonio eta Santa Apolonia baselizetatik igaro behar gara, umilak baina ondo zaharberrituta.

Paraje honetan aisialdirako eremu zabala aurkitzen dugu, eta bertatik mendiko ibilbide ugari abiatzen dira inguruko gailurretara (Kamaraka, Mugarriluze, Goikogane, Ganekogorta, Galarraga).

Leku hau duela 200 urte baino gehiago da ospetsua, hiribildu arabarrean sustraiak zituen Miguel Unamunok berak ere goraipaturiko erromeria dela-eta. Hain izan zen ospetsua, non 40/50eko hamarkadan tren bereziak antolatzen ziren Bilbotik hitzordu horretara bertaratzeko.

www.laudiokoudala.net