Amurrio

Amurrio, Aiara haranean kokaturiko herri arabarra, bizitzeko leku bat baino gehiago da bertako biztanleentzat. Lurralde honen edertasuna bertako jendearen berezitasunarekin uztartzen duen sentsazio nahastea da. Finean, bizitza, historia, ohitura eta jende erreferente bat da.

Web-gune honetan Amurrioko txokorik adierazgarrienak, tradizioak eta kultura erakutsi nahi dizkiogu bisitariari. Lurralde atsegin eta abegikorra bertaratzen den ororentzat.

Gure paisaia eta kultura haien adierazpen guztietan (dantzak, kirolak, festak…) ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, ezbairik gabe amurriotarren izaeraren isla.

Amurrio, gonbidapen naturala.

Datu orokorrak

Amurrio Arabako ipar-mendebaldean dago kokatuta, Aiara Haranean. Udala 1842tik du eta Hiribildu titulua 1919tik. Epaitegi-barrutia da eta 1976an 9 herri edo administrazio batzar batu zitzaizkion: Aloria, Artomaña, Baranbio, Delika, Larrinbe, Lekamaña, Lezama, Saratxo eta Tertanga.

96,5 km2-ko azalera du.

SuGarapen demografikoa ezberdina izan da urteak aurrera joan ahala, eta egun 10.000 biztanle ditu.

Industria da bertako ekonomiaren oinarria.

Eskaintza kulturala

Amurriok eskaintza kultural zabala du.

“Amurrio Antzokia” nabarmentzen da, proiektu promesa izateari utzi eta publiko egonkorra duen errealitate bihurtu dena. Arte eszenikoei eremu berri bat irekitzearen aldeko apustu honek goi-goian jarraitzen du. Publiko guztiei irekita dago, haur eta helduei, zinema, antzerkia, dantza eta musika eskainita, gaztelaniaz zein euskaraz. Programazioaren barruan “Ingurumenaren Zinemaldia” eta “Zine Astea” nabarmen daitezke, azkenaren baitan “Begibistan” laburmetraien jaialdia dagoela.

Era berean, Musika Eskola bat dauka aspaldi, musika irakatsi ez ezik, sustatu ere egiten duena, konbo-en sorkuntzaren bidez; urteroko maketa lehiaketaren bitartez, Amurriorekin loturaren bat duten gazte baliotsuak ezagutzera emateko, eta musika astea zein urtean zeharreko ikasle eta irakasleen hainbat entzunaldi antolatuta; halaber, badago Igor Yebra dantzariak zuzendutako Dantza Eskola bat, orain dela gutxi inauguratua eta egun Bañueta Kiroldegian kokatua.

Ezin dugu ahaztu Kultur Etxea, urtean zehar publiko mota ororentzako hainbat jarduera kultural eskaintzen dituena: pintura eta eskulan-ikastaroak, bidaiak, txangoak, hitzaldiak…

Urtean zehar, Amurrioko Udalak, artearekin duen konpromisoari helduta, hainbat lehiaketa eta gertakizun artistiko antolatzen ditu. Besteak beste, “Amurrioko Argazki Lehiaketa”, “Jaietako Kartel Lehiaketa” eta “Amurrioko Ekitaldi Artistikoa”.

Likorearen museoa

Amurrioko Likorearen Museoa Euskadiko mota honetako lehena da. Manuel Acha destilategiaren ibilbidea egiten du, 1831n sortua eta Karpy likorea edo Sierra de Orduña Patxarana bezalako marka ospetsuak dituena. Likorearen Museoak edabeen fabrikazioaren historian zeharreko ibilbidea egiten du. Mende hasieran erabilitako barrikak jasotzen ditu, kontabilitate-liburuak, XX. mende hasierako publizitate materiala eta 60 eta 70 hamarkadetako Karpy talde ziklista profesionalaren erreferentziak (kamisetak, bizikletak).

Aresketamendi: Energia berriztagarrien parkea

Aresketamendi energia berriztagarrien parkeak aire zabaleko 22.600 m2-ko erakusketa azalera dauka, eta bertako espiral erako egurrezko pasaguneak, ia kilometro batekoak, parkeko eremu ezberdinetan sartzen gaitu.

Aparatu, parte hartzeko gailu, maketa eta panel ugari aurki ditzakegu, energia iturri ezberdinekin lotuta: ura, haizea, eguzkia, lurra... Eta horiek guztiek garapen jasangarriak bultzatu nahi dituen energia printzipioak helarazten dizkigute.

Monumentu ondarea

Amurriok eliza eta baseliza ugari ditu, hirigunean honakook daude:

  • Santa Maria Eliza. Antzinako tenplua du oraindik, erromanikoa, arku zorrotzarekin eta XIII. mende erdikoak edo bukaerakoak izan daitezkeen harburuekin. Hala ere, ia tenplu osoa errenazentista da, XVI. mende erdikotzat jota. Erretaularen berezitasuna da erdialdea baino ez duela urre kolorekoa. Juan Aranoa margolariaren koadroak nabarmendu behar dira.
  • San Anton Baseliza. Zin egiteko baseliza eta antzinako Kontzejuen bilera tokia izan zen. Antzinako idazkien arabera, ondoan San Anton Ospitalea egon zen kokatuta. Egun, ostiralero, azoka egiten da.
  • Nabarmendu beharreko bestelako baselizak: San Roke baseliza, Pietatearen Andra Mari baseliza Baranbion, San Mames baseliza, Larrinbeko Santiago eliza, Lezamako San Martin eliza, Baranbioko Jasokundearen Andra Mari eliza eta Delikako Santa Maria eliza.

Bertako dorretxe eta jauregiak ere nabarmentzen dira, garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Urrutia Jauregia, Cejudoren jauregia izenarekin ere ezagun, etxetzar honetan bizi izan zen familia zela eta. XVI. mendeko eraikuntza ederra da, eta harlanduzko harriak eta diseinuen garbitasuna nabarmentzen dira.
  • Ugarte Dorretxea. 1718an eraiki zen San Jakue Ordenako jauna zen Manuel Ugarte Oruek aginduta. 1983tik Herriko Kultur Etxea da. Nabarmentzekoak dira zur landuzko hegal artistikoa eta ezkutua.
  • Larrako Jauregia. Gasteiztik Balmasedara zihoan antzinako errepidearen gurutze ondoan eta Lezama eta Berganza artean kokatuta, Juan Ugarte kapitainaren aginduz eraiki zen 1640 aldera. Eraikina nahiko ondo dago kontserbatuta eta jende aberatsaren etxetzarrak nolakoak ziren irudikatzea ahalbidetzen digu.
  • Artomañako Dorrea. XIV. mende bukaeran eta XV.aren hasieran eraikia, 12 metroko garaiera eta 10 metroko zabalera du. Lubakia izan zuen eta zubia izan zitekeenaren eta saietera hondarrak daude, defentsarako edozein dorreren berariazko osagaiak.
  • Jauregia Dorrea. Berganzan dago XVII. mende hasierako dorre hau, nahiz eta badirudien aurretik beste dorre bat egon zela. Fatxadan dauden ezkutuak Ugartetarrenak dira eta inguruan izandako burdinola oparoaren aztarnak daude.
  • Delikako Gotorretxea. Micaela Portillaren arabera, baliteke dorre hau Aiara Kantzilerrak eraiki izana 1391n. Zubira begirako arku zorrotza du.
  • Mariaka Dorrea. Kanpoaldean eta mendi erdian kokatutako dorre hau berreraikitzen ari da, kondaira ospetsu bateko protagonista den Fabian Mariakaren sorlekua, baita beste pertsonaia entzutetsuena ere, eta antzina San Pedro baseliza egon zen tokia. Ziurrenik oinetxe honek aurretiko dorre baten lekua hartu zuen, ziurrenik Erdi Aroko hasierakoa.
  • Mendixur Dorrea. XV. mende erdialdekoa, kartzela izan zen Aiara Haraneko jendearentzat. Gerra Karlistetan erori egin ziren hormak, eta harriak Espartero Jeneralak agindutako gotorleku bat eraikitzeko baliatu ziren. Gotorleku hau urte gutxira eraitsi zuten, eta egun ez dago harri bat bestearen gainean.
  • Saerin Dorrea. Herriaren irteeran, Sagarribai auzoan, Saerin izeneko baserria dago, fatxadetariko batean ezkutuak dauzkana. Hori da haraneko dorretxe antzinakoenetariko honetatik dagoen bakarra, eta Gineatarrena izan zena Aiara eta Murgatarren ahaideak.

INGURUNE NATURALA

Goikomendi-Kuxkumendi

Goikomendi-Kuxkumendi Natur parkea bereziki babesturiko antzinako baso eremua da, 46,7 hektareako azalerarekin, ingurune naturala eta ingurune honekin loturiko giza jardueran sustatu eta ezagutarazteko birgaitua eta atondua.

Delikako Kanoia

Delikako edo Nerbioiko kanoia 270 metroko ur-jauzi ikusgarria da, eta hilabete euritsuetan turrusta ikaragarria eratzen du, lurrera ura lurrinduta iristen delako.

San Roke

Amurrioko hirigunetik hurbil, paraje lasai batean, San Roke baseliza dago. Aldapa txikiarekin eta eguzkitik zuhaizti trinko batek babestuta, zelai hauek mahaiak, bankuak, iturriak eta egur-suak egiteko sutegiak dituzte.

Garrastatxu

Gorbeiako Parke Naturalean kokatuta, parke honetara Baranbiotik iristen da. Bertan Pietatearen Andra Mari baseliza dago. Aiarako eskualdearen ikuspegi ederrak ditu eta xendazaletasun-ibilbide ugariren abiapuntua da; mahaiak, iturriak, bankuak, erretegiak, haurrentzako jolasak eta, jaiegunetan, bazkariak eskaintzen dituen taberna bat ditu.

Juan Urrutia parkea

Herri erdian, belarrez estalitako eta zuhaizti aberats eta naroa duen parke zabala.

El Salvador

Aire zabaleko kiroletarako (atletismoa, futbola, arku-tiroa, tenisa) esparrua. Hemen antzinako Erreformatorioa dago, 1920tik 1977 arte funtzionatu zuena. Egun, instalazioetan jatetxe bat eta Arabako Txakolina upategiaren egoitza daude. Eraikinak enpresa mintegi bat dauka.

www.amurrio.org