Birding-a Aiaraldean

9.000 espezie baino gehiago dauzkaten hegaztiak ia gure planetako ekosistema guztietan bizi dira, itsaso eta basamortuetatik mendietako basoetaraino, padura eta oihanetatik igarota, baita hiri handietan ere, azken horietako kutsadura eta zarata ororen gainetik.

Urtez urte hazten ari da hegaztiak behatzearren bere jatorrizko udalerrietatik ateratzen diren pertsonen kopurua.

Kalitate handiko zerbitzu ahalik eta osatuena eskaintzearren, “Birding Euskadi” izeneko produktu berria sortu da. Ornitologia turismoari zuzentzen zaio, hots, hegaztiak behatzean datzan turismoari. Beraz, hegaztiak behatu edo-eta ikertzeko asmoz bidaiatzen duten turistei bideratzen zaie turismo mota hau eta helburu dauka behaketa jarduera modu ordenatuan eta jasangarrian arautzea, betiere baliabidearen hauskortasuna aintzat hartuta.

Euskadik turismo mota hau garatzeko dituen eremu desberdinen artean, Aiaraldea dago, eta zehazkiago Salbada Mendilerroaren hormatzar ikusgarria. Hortaz, Mendilerroko hegaletan bizi diren espezie artean daude antzandobi arruntak eta lepitzuliak; goialdeko larre eta txilardietan, berriz, ugariak dira berdantza horiak eta mendi-txirtak. Gainera, mendilerroa osatzen duten 25 kilometro luzeko kareharrizko horman habia egiten du hegazti harkaiztar komunitate handi batek, besteak beste, sai zuriak, sai arreak, belatz handiak, belatxinga mokohoriak eta mokogorriak, malkar-sorbeltzak, harkaitz-zozo gorriak eta mendi-tuntunak.

Aurreko guztia dela-eta, eskualdeak ornitologia baliabide ezin hobeak dauzka, eta Nerbioiko ur-jauziaren behatokia leku onenetarikoa da horretarako, haraneranzko bertako ikuspegi ederrengatik eta irisgarritasun errazagatik.

Eskualdeko edozein bulegotan eska dezakezu behaketa eremuei buruzko informazioa (hegazti motak, nola iritsi, nola identifikatu espezie bakoitza...).

Horrez gain, Birding Euskadiren www.birdingeuskadi.net web-gunea ere bisitatu dezakezu, bertan hainbat informazio jaisteko aukera dago: lurraldeko toki gomendatuak, toki bakoitzean egoten diren hegaztiak, nola iritsi horietara... baita bidaia antolatzeko turismo informazioa (ostatuak, jatetxeak...) ere.

Ornitologia zaleak zein adituak gonbidatzen ditugu Salbada Mendilerroko kokagune harrigarrira, natur paisaia ezin ederragoaz disfrutatzeaz gain, bertan bizi diren edota migrazio bidaia luzeen ostean atsedenaldia hartzen duten hegazti ugari aurkituko dituztelako.