Aiara Harana

Nerbioi ibaiak Kantauri itsasora egiten duen ibilbidean irekitako haran zabala eskualde honen nortasun ikur nagusia bihurtu da.

Eremu honetako plubiositate handiak lagundu egiten du ingurunea etengabe berde mantentzen, panoramika aniztasun handia eskaintzen du eta bertan euskal baserri tipikoa ezaugarri nagusitzat daukan landa-habitata uztartzen da bazkaleku, baso, erreka eta ibai ugariekin zein haranean zehar barreiaturiko mendiekin.

Baina, batik bat, ikuspegi horretatik eskualde honen landa-nortasun handia ondorioztatzen da, eta horren adierazpen nagusia bertako artisau produktu tipikoen aukera zabalaren bitartez dago bisitariaren esku: gaztak, hestebeteak, baratzeko produktuak, bertako ardo tipikoa —txakolina— eta abar.

Harana errepide eta bide ugarik zeharkatzen dute, bisitaria eskualdeko herri ezberdinetara hurbiltzen duten pasierak gozatzea ahalbidetuta. Baina haranean zehar sakabanatuta dauden mendi gailur ugarietara daramaten pasiera erakargarriak ere badaude.

Izan ere, Aiara Haranak garaiera xumeagoko (600-700 m) mendiak ditu han-hemenka, ingurunearen gainetik altxatzen direnak panoramika ederrak eskaintzearren: Montenegro, Goikogane, Zaballa, Peñalba, Peregaña, Idubaltza, Pagonabarra, Eskoritas, Babio, Garate...

Salbada Mendilerroaren hegaletan, haranerantz jaitsita, paraje bereziki ederra dago: Maroño Urtegia. Hemen, hegazti migratzaileek atseden hartu ohi dute baldintza meteorologiko kaltegarriengatik Mendilerroak eragiten dien trabari aurre egin ezin diotenean. Giza hornidurarako uharka txikia da, “v” erako profilarekin. Intsinis eta baso pinudiak, haritz eta zuhaixka arantzatsuekin nahastuta, paisaia ezin hobea osatzen duten osagaiak dira. Urtegi honetan, arrantza baimenduta dago martxotik irailaren 30era.

Beste gune oso berezia Delikako Arroilaren hondoa da; mendizale eta txangozaleak bertara joaten dira Nerbioi ibaiaren ur-jauzia behealdetik ikustera. Aise egiten den pasiera batek eramaten gaitu horraino Urduñatik.

Bestalde, ingurune natural honek izaera erlijiosoko eraikuntza ugari ditu (baselizak, gehienak) haraneko mendietan zehar barreiatuta. Horietako batzuk euren kokalekuko ingurune naturalagatik dira bereziki erakargarriak: Santa Luzia eta Ermuko Andra Mariaren zelaiak (Laudio), edo Arteko Santutegia (Artziniega). Horregatik, leku horietariko batzuetan aisialdi eta atsedenaldirako atonduriko guneak daude. "Artea" (Artziniega), "Txabolako Iturria", "Titiko Iturria" eta "Muera" (Urduña) aisialdi guneak dira.

Nerbioi ibaiaren beraren ertzak aisialdi gune bihurtzen ari dira egun; eta horretarako pasierak, bankuak, mahaiak, kulunkak eta abarrak dituzten guneak atontzen ari dira Urduñan eta Laudion.