Amurrioko Naturbideak

Amurriok 854 Ha.-ko Mendi Publikoak ditu eta horiek Baso Kudeaketa Jasangarrirako Planaren bidez kudeatzen dira, eta helburua baso masaren dibertsifikazioa da, basoaren funtzio ekoizleak biodibertsitatearen iraupenarekin eta zoruaren zein ur-ibilguen babesarekin orekatzearren, eta aldi berean ingurumen-heziketaren bidez erabilera publikoa eta herritarrek mendiaz gozatzea sustatzeko.

Herritarren gozamena eta ingurumen-heziketa sustatzeko helburuarekin, bost Naturbide edo Naturan zeharreko ibilbide definitu dira, liburuxka honetan aurkezten direnak. Naturbide bakoitza udalerriko mendi publikoetan gutxi gorabehera kontserbaturiko ekosistema batean barrena garatzen da, eta era berean, Amurrioko eremu naturalean ingurumen-heziketara bideraturiko esparruak lotzen dituzte.

Aurkituko dugun landaredia aberatsa eta nahiko ondo kontserbatua da, hortaz, bertako haritz-baso mistoak, txilardi-sasitzako eremuak —otadia—, garo-leku atlantikoa, pagadiak eta hezeguneak ikus ditzakegu, baso-landaketako eremu zabalez gain, espezie nagusia intsinis pinua izanda, 40 hektareako Kuxkumendi-Goikomendi baso-eremua ahaztu barik, 50 espezie hostozabal baino gehiago dituena. Faunari dagokionez, ornogabe ugari ikusi ahal izateaz gain, txantxikua eta igel gorria bezalako anfibioak eta sugandila, arrabioa eta uhandreak bezalako narrastiak, eremu hau, gainera, honako hegazti ugarirentzako babeslekua ere bada: zapelatz arrunta, belatza, urubia, belea, erroia, eskinosoa, okil handia, zata arrunta, negu-txirta, kukua, kaskabeltza, pinu-kaskabeltza, amilotx urdina, buztanluzea , txonta, txorru arrunta, gerri-txoria, garrapoa, txinbo kaskabeltza, txantxangorria, zozoa, birigarroa, tuntur arrunta, txepetxa, erregetxo bekainzuria, txio iberikoa eta gailupa.

Mendiko arratoiak, satorrak, katagorriak, azeriak, azkonarrak, basurdeak, lepazuriak, lepahoriak, muxarrak, erbinudeak eta orkatzak gure ibilbidean zehar aurkituko ditugun ekosistemetan bizi diren ugaztunetariko batzuk dira, gure ingurua arretaz begiratu baino ez dugu egin behar ugaztun hauen arrastoak edo gorotzak aurkitzeko, eta zorte apur batekin bakarren bat gugandik hurbil ikusteko.

Aresketa naturbidea

2,2 km / 30 min / Oso erraza

Guztien arteko naturbiderik hirikoena da eta Amurrioko erdigunea Aresketamendiko energia berriztagarrien parkearekin eta udal garbigunearekin lotzen du.

Mariaka naturbidea

3,5 km / Ordubete / Erraza

Amurrioko erdigunea gainerako naturbideekin lotzen du eta aukera ezin hobea da ibilbide zirkular txikia egiteko eta ibaiertzeko ekosistema atlantikoa gozatzeko.

Auzoak naturbidea

10 km / 2 ordu eta 30 min / Erraza

Mariaka naturbidearen luzapena, erdigunea Goikomendi-Kuxkumendi eremu naturaleko parkearekin lotzen du eta udalerriko antzinako auzoetan zehar garatzen da.

Kortina naturbidea

15 km / 3 ordu eta 30 min / Erraza

Auzoak naturbidea osatu eta Aspaltzako gailurreraino luzatzen da, udalerriko mendi garaienetako bat, hortaz, bertako ikuspegi harrigarriak ikustea ahalbidetzen du, udal mendian zeharreko ibilbide zirkular bikaina osatzeaz gain.

Izarza naturbidea

5,5 km / Ordubete eta 30 min / Erraza

Izartzako ingurunea Goikomendi-Kuxkumendi eremu naturaleko parkearekin lotzen duen ibilbidea.